Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Hemen da!

2022-08-31


42 bertsolari entzuteko aukera izango dugu, irailaren 24tik hasita, Euskal Herrian zehar egingo diren kanporaketa saioetan. Finala, lehen aldiz, Iruñean izango da, abenduaren 18an. Gure inguruko zein bertsolarik hartuko du parte txapelketan? Bidaliko al dizkiogu animozko koplak?

 

 

 

IKUS DEZAGUN ZER DAKARREN AURTENGO EDIZIOAK!

 

Goazen Txapelketa Nagusiaren ezaugarriak ikustera:

Bideotekan, Txapelketa Nagusia zer den ulertzeko azalpen bideoa dugu ikusgai; baita lehia berezi honetan abestu izan diren bertsoaldi hautatuekin gozatzeko aukera ere. 

2022an herrialde bakoitzetik zein bertsolari ariko diren kantuan ikusiko dugu. Gure ingurutik nork hartuko du parte? Zer dakigu berari buruz? Bertsolari bakoitzari buruzko informazioa kontsultatu genezake bertan.

Saioak non eta noiz diren ere arakatuko dugu mapan: zein saio dugu hurbilen? Ikustera joateko asmorik ba al dugu?

Bertso saioak etxetik jarraitzeko aukera ere badugu, izan ere asteburuko saioen berri emango digute Hitzetik Hortzera telebista saioak eta bertsoa.eus atariak, bertsoaldi onenak ikusteko aukeraz. 

 

 

 

TXAPELKETA NAGUSIEN INFOGRAFIAK

 

Argia astekariak bi infografia argitaratu ditu, hementxe eskuragarri ditugunak PDF bakarrean: lehenengoak Txapelketen historiari errepasoa ematen lagunduko digu. Bigarrenak, 2022ko edizio honetan kantuan ariko diren bertsolarien berri emango digu.

Inprimatu eta goza dezagun ikusmiran!

 

 

 

GURE BERTSOLARI KUTTUNEI ANIMOZKO KOPLAK

 

42 bertsolariko zerrendan izango ditugu batzuk, hurbilekoak ditugulako edo-eta bereziki gustura entzuten ditugulako, kuttunak direnak. Ausartuko al gara animozko koplak egin eta hari bidaltzera?

Audioz ala bideoz grabatu genitzake, helarazteko. Edo bertsolaria gure ikasgelara gonbidatu genezake bestela, elkarrizketan aritzera, eta zuzenean abestuko diogu hala, aurrez aurre dugula. 

Hauta dezagun nori egin koplak eta has gaitezen lanean!