2025-05-19
Euskaraldia ekimena ospatzen ari gara, laugarren aldiz. Maiatzaren 15etik 25era, euskara ulertzen dugunok, gure hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzen ari gara, gure eguneroko espazioetan. Helburua, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan hitz egitea da. Edizio honen leloak dion bezala, elkar mugituz egingo dugu!
16 urtez gorako helduei, erronka bat jarri zaie: Ahobizi ala Belarriprest izatea, bi astez. Eta eguneroko bizitzan ariguneak sortzea, alegia, euskaraz lasai hitz egiteko espazioak sortzea.
*Euskaraldiko proposamen didaktikoak eskuragarri daude, hemen.
Euskaraldi bakoitzak bere kantua izaten du.
Goza dezagun 4. ediziorako Bulego taldeak sortu duen kantuaz eta bideoklipaz!
Eta adi hitzei...
Euskaraz hitz egiteko mezua eman digu Andoni Egaña bertsolariak, Euskaraldiko kantuan.
Geuk ere mezu errimatuak sortuko ditugu, gure ereserkia sortuz, zirtoka.
Euskararen Eguna ospatzen dugunean, gure eskolako festan, zabal genezake lau haizetara!
Eskolako festa alaitzeko kopla sorta bat prestatuko al dugu?
Jar gaitezen binaka ala taldetxotan eta... ekin!
Bertsolaritzatik begiratuko diegu, oraingoan, euskararen inguruko hainbat gairi.
Bideotekan denetik dugu: bertsoaldiak, elkarrizketak, kantu xelebreak, esketxak, bertso sortak...
Goza dezagun! Bideoak ikusi ahala izango dugu zertaz hitz egina ere. Etxean euskararik ez zuten bertsolarien bizipenak, euskalkien koloreak, gure eguneroko ariguneetan ditugun aukerak eta zailtasunak, kale hizkera ganberroa, kantuak tuneatzearen plazera, hizkuntza jarreren arabera herritarrok osatzen dugun fauna xelebrea... Harritzeko prest?
Mezu laburretan, adierazkorrik bada, esaera zaharrak dira horiek! Hitz gutxirekin zenbat esaten duten...
Jolas dezagun esaera zaharrekin! Aldiro bertso bat entzungo dugu, egoera bat deskribatuko diguna. Egoera horri zein esaera zahar datorkion parera hautatu beharko dugu.
Guztira zortzi bertso, zortzi esaera zahar, zortzi doinu ikasiko ditugu.