Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Haurren aurrean, helduok heldu

2022-11-14


Lelo hori du euskaraz hitz egin dezagun Euskaltzaleen Topaguneak antolatu duen aktibazio ekimenak. Guk ere gelan badugu zer egina! Euskararen erabilerari buruz gure bizipenak partekatuko ditugu. Eta Euskararen Egunean zabaltzeko kopla komikiak, lelo errimatuak eta kopla sortak egingo ditugu. Belarri-mihiak prest?

 

"Haurren aurrean, helduok heldu" ekimena

 

Azaroaren 22tik abenduaren 5era helduei zuzendutako aktibazio ekimena gauzatzen ari gara, herriz herri, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.

Haurren inguruan dabiltzan helduek, helduen artean euskaraz hitz egin dezaten ohitura aldaketa sustatzea du helburu.

Izan ere, askotan haurrei euskaraz hitz egiteko esaten zaie baina, gero, helduen artean erdaraz aritzen dira berriketan: besteei agindu bai eta norberak bete ez!

Hitz egin dezagun gelan: guk ere halako egoerak bizi izan al ditugu? Norekin eta non?

 

Boisetik bertsotan

Boise (Ameriketako Estatu Batuak) hiriko euskaldunak sarri elkartzen dira: elkarrekin dantzan egin, musean jokatu, abestu, ikastolara joan... Eta baita bertsotan egiteko ere. Ikus dezagun zer mezu duten guri emateko, Euskararen Egunean!

 

 

 

HAS GAITEZEN BERTSOTAN! Kopla komikiak

 

Bertso giroan sartzen hasteko, Aitor Sarriegiren bertsoaldiaz gozatuko dugu. 

Ondoren, gure txanda etorriko da: egoera ezberdinak emango zaizkigu komikitan. Gure egitekoa pertsonaien hitzak kopla bihurtzea izango da... Prest?

*Komikiak PDFan deskargatu genitzake, hemen (goian/eskuinean dagoen botoiaz).

 

EUSKARAREN ALDEKO LELOAK ASMATZEN, ZIRTOKA!

 

Euskararen aldeko txapak, pegatinak zein pankartak egiteko edo-eta eskolako festa egunean jendaurrean errezitatzeko, mezu errimatuak sortuko ditugu.

 

 

EUSKARAREN EGUNERAKO GURE KOPLA KANTUA!

 

Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzen dugu. Eskolako festa alaitzeko, prestatuko al dugu kopla sorta bat?

Eredu gisa, hona hemen Unai Ormaetxeak eta Mikel Inunek zer kantu sortu zuten 2020ko Euskaraldian, No woman no cry kopla doinuan. Abes dezagun eurekin batera!

Geuk ere kopla doinu bat hartu eta halakoxe gauza polit bat egingo dugu gero, binaka ala taldetxotan jarrita. 

 

 

 

 

BERTSO BIDEOTEKAN... HAMAIKA IKUSTEKO!

 

Bertsoaldiekin gozatu eta euskararen inguruko hainbat gairi buruz sakontzen jarrai genezake gelan.

Bideotekan denetik dugu: bertsoaldiak, elkarrizketak, kantu xelebreak, esketxak, bertso sortak...

Goza dezagun! Bideoak ikusi ahala izango dugu gelan zertaz hitz egina. Etxean euskararik ez zuten bertsolarien bizipenak, euskalkien koloreak, gure eguneroko ariguneetan ditugun aukerak eta zailtasunak, kale hizkera ganberroa, kantuak tuneatzearen plazera, hizkuntza jarreren arabera herritarrok osatzen dugun fauna xelebrea... Harritzeko prest?

 

 

 

JOLAS DEZAGUN!

 

Euskarazko esaera zaharrekin egingo dugu jolas. 

Aldiro bertso bat entzungo dugu, egoera bat deskribatuko diguna. Egoera horri zein esaera zahar datorkion parera hautatu beharko dugu.

Guztira zortzi bertso, zortzi esaera zahar, zortzi doinu ikasiko ditugu.