Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Haurren aurrean helduok heldu-2023

2023-10-18


Lelo hori du euskaraz hitz egin dezagun Euskaltzaleen Topaguneak antolatu duen aktibazio ekimenak. Guk ere gelan badugu zer egina! Euskararen erabilerari buruz gure bizipenak partekatuko ditugu. Eta kopla komikiak egingo ditugu gero. Belarri-mihiak prest?

 

"Haurren aurrean, helduok heldu" ekimena

 

Urriaren 18tik 29ra helduei zuzendutako aktibazio ekimena gauzatzen ari gara, herriz herri, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.

Haurren inguruan dabiltzan helduek, helduen artean euskaraz hitz egin dezaten ohitura aldaketa sustatzea du helburu.

Izan ere, askotan haurrei euskaraz hitz egiteko esaten zaie baina, gero, helduen artean erdaraz aritzen dira berriketan: besteei agindu bai eta norberak bete ez!

Hitz egin dezagun gelan: guk ere halako egoerak bizi izan al ditugu? Norekin eta non?

 

 

HAS GAITEZEN BERTSOTAN! Kopla komikiak

 

Bertso giroan sartzen hasteko, Aitor Sarriegiren bertsoaldiaz gozatuko dugu. 

Ondoren, gure txanda etorriko da: egoera ezberdinak emango zaizkigu komikitan. Gure egitekoa pertsonaien hitzak kopla bihurtzea izango da... Prest?

*Komikiak PDFan deskargatu genitzake, hemen (goian/eskuinean dagoen botoiaz).

 

 

BERTSO BIDEOTEKAN... HAMAIKA IKUSTEKO!

 

Bertsoaldiekin gozatu eta euskararen inguruko hainbat gairi buruz sakontzen jarrai genezake gelan.

Bideotekan denetik dugu: bertsoaldiak, elkarrizketak, kantu xelebreak, esketxak, bertso sortak...

Goza dezagun! Bideoak ikusi ahala izango dugu gelan zertaz hitz egina. Etxean euskararik ez zuten bertsolarien bizipenak, euskalkien koloreak, gure eguneroko ariguneetan ditugun aukerak eta zailtasunak, kale hizkera ganberroa, kantuak tuneatzearen plazera, hizkuntza jarreren arabera herritarrok osatzen dugun fauna xelebrea... Harritzeko prest?

 

 

 

JOLAS DEZAGUN!

 

Euskarazko esaera zaharrekin egingo dugu jolas. 

Aldiro bertso bat entzungo dugu, egoera bat deskribatuko diguna. Egoera horri zein esaera zahar datorkion parera hautatu beharko dugu.

Guztira zortzi bertso, zortzi esaera zahar, zortzi doinu ikasiko ditugu.