Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Emozioak - sentitzera ausartu

2019-11-11


Emozioak gure alarma sistema dira. Aurrera egiten laguntzen digute, bizitzak ekartzen dizkigun egoeretan. Emozio batzuen sentsazioak ez zaizkigu gustagarriak egiten, baina ez dugu ahaztu behar guztiek dituztela funtzio garrantzitsuak. Helburua ez da, beraz, amorrua, tristura edo beldurra sentitzeari uko egitea, baizik eta agertzen direnean sentitu eta modu eraikitzailean bideratzen ikastea, aurrera egiteko.

 

Familia euskalduna "maite zaitut" esateko terapian

Etxe askotan kosta egiten zaigu emozioak adieraztea eta ez dira ohikoak izaten besarkadak, muxuak eta "maite zaitut" bezalako esaldiak. Ikus dezagun saio umoretsu honetan, familia honetako kideek nola erreakzionatzen duten sentimenduak adierazteko terapian!

Identifikatuta sentitzen al gara pertsonaia horiekin? Gure etxeko kideak ere halatsu ibiltzen al gara?

 

 

 

Estaltzea okerragoa da

 

Emozioak ukatzea, edo emozioen kontra borrokatzea, korrontearen kontra igeri egitea da: lortzen dugun bakarra da ezkutatu nahi dugun sentipena indartzea, eta intentsitate handiagoan bizitzea.

Emozio batzuk adieraztea oztopatu izan zaigu, ordea, neskei eta mutilei. Gure gizartean, neskek amorrua eta poza adieraztea “itsusitzat” hartu izan da. Mutilek tristura eta beldurra adieraztea hartu izan da “desegokitzat”. Neskek eta mutilek, beraz, emozio batzuk bahituagoak ditugu, baina sentitu, guztiok sentitzen ditugu.

Izan ere, gizakiok, egoera baten aurrean lehenengo sentitu egiten dugu, eta gero pentsatu. Horrek adierazten du emozioak egoerari lotuta daudela, eta ez bakoitzaren izaerari. Ez da egia esaten dugunean “ni beldurtia naiz”, “ni tristea naiz”, “ni alaia naiz” edo “ni erasokorra naiz”. Egoera batzuen aurrean sentitzen dugu beldurra, tristura, poza edo amorrua.

Emozioen lagun egin behar dugu. Gure armadura erantzi eta sentitzera ausartu!

 

Zein emozio da?

 

Sentipenak marrazten

 

Beldurra - arriskuan gaudela abisatzen digun alarma

 

Beldurrik gabe ezinezkoa litzaiguke bizirik irautea. Arriskuan gaudela ohartarazten digu, eta geure burua salbu jartzera garamatzaonik irten gaitezen neurriak hartzera.

Baina batzuetan, arriskua ez da erreala: geuk sortutako irudipena baino ez da. Esaterako, armairu barruan munstroa dagoela pentsatzen dugunean. Halakotan, beldurrak geure burua mugatzea besterik ez dugu lortzen. Beldurrak segurtasuna bilatzeko balio behar digu, eta ez seguru gaudenean larritzeko.

Beste batzuetan arriskua benetakoa da, baina geuk gainditzeko modukoa da egoera. Hor garrantzitsua da geuk menderatzea beldurra; bestela, beldurrak gu hartuko gaitu mendean, txiki sentituko gara, eta ez gara ausartuko bidean aurrera egitera.

 

Beldurrari - Beñat Gaztelumendi

 

 

Beldurrari - Lazkao Txiki

 

 

Puenting egin nahi baina beldurra latza!

Zein izan zen beldur gehien sentitu genuen egoera?

Hara puenting egitera joan den batek, zubi ertzean jarri denean, zer izerdi bota dituen...

 

Poza - ekintzara garamatzan argia

 

Poza sentitzea gustagarria zaigu. Dibertsioa, gozamena, sormena, argia, bakea… gure barne orekaren momentua da.

Gizakia ekintzara bideratzen duen motor garrantzitsuenetakoa da.

Arriskua dator bai ala bai pozik egon behar dugula sinesten dugunean. Orduan, bestelako emozioetatik ihes egiteko erabiltzen dugu poza. Geure burua irribarretsu, alai, umoretsu sentiarazten dugu, baina sakonean sentitzen dugun tristura, amorrua edo beldurra estaltzen ari gara, barruan duguna ez sentitzeko ihesean.

 

Xomorro pozak - Uxue Alberdi

 

 

Amorrua - oztopoei aurre egitera garamatzan indarra

 

Amorrua gure gorputza aktibatzen duen energia da. Aktibazio horri esker ekiten dugu zailtasunen aurrean, ekintzarako, borrokarako, besteen aurrean gure espazioa babesteko, beldurrei aurre egiteko… prestatzen baitu gure gorputza.

Haserretzea ez da arazoa: beharrezkoa da. Amorrua sentitzea onartu egin behar diogu geure buruari, erronkei aurre egiteko ezinbestekoa baita.

Gakoa da nola baliatu amorruaren indar hori, onerako izan dadin.

Batzuetan amorrua ezkutatu egiten dugu, eta eutsi egiten diogu barruan, irten ez dadin. Amorrua energia denez, ibilbidea oztopatzen badiogu, bestelako bideak bilatuko ditu irteteko, eta gorrotoa, inbidia, etsipena, autoestimu apala, ezinegona… sentitu genitzake.

Beste batzuetan, berriz, amorrua kontrolik gabe kanporatzen dugu, parean dagoen guztia gainetik pasatzeko prest. Horri deitzen diogu biolentzia edo bortxa. Halakotan ez dugu erabaki zuzenak hartzeko astirik, eta moduetan huts egiten dugu. Gizatasunaren mugak pasatzera ere eraman gaitzake. 

 

Amorruaren amorruz - Estitxu Arozena 

 

 

Zapata kaxa batean - Miren Amuriza

 

 

Zerk amorrarazten gaitu?

 

Bertsolari bakoitzak azalduko du zerk pizten dion amorrua: zerk ateratzen duen bere onetik, zerk jartzen duen sutan, kirioak aidean. Ondoren, alboko lagunari aholku bana emango dio bakoitzak, amorratzen duen egoera horretan zer egin dezakeen azaltzeko.

 

Egin dezagun jolas bera geuk ere!

 

Amorrua eta kontzientzia elkarrizketan- Lazkao Txiki eta Xabier Amuriza

 

Kontzientziak laguntzen digu amorruari muga jartzen, bortxan erori ez dadin.

Entzun ditzagun amorrua eta kontzientzia elkarrizketan.

Gaia: "Zuk Xabier, kalte handia egin dizun norbait hil nahi duzu baina aldamenean duzu zure kontzientzia, Lazkao Txiki".

 

 

 

Tristura - galeraz jabetu eta erreparatzera garamatzan ibaia

 

Lagun bati huts egin diogunean, maite dugun norbait galdu dugunean… triste sentitzen gara. Emozio horri esker, gure baitara biltzen gara eta geure buruarekin egiten dugu bat. Tristurak barruan min dugula adierazten digu, edo guretzat garrantzitsua den zerbait galdu dugula. Horrela, besteek eta gauzek guregan duten balioaz ohartzen gara eta haiek zaintzera garamatza.

Min eman digun horren gainean hausnartzen dugu eta geure burua zaintzeari ekiten diogu: laguntza eskatzen dugu, egindako hutsaren konponbideetan pentsatzen dugu, dagokionari barkamena eskatzen diogu...

Bere arrisku nagusia da tristuraren sarean harrapatuta geratzea. Galera baten aurrean, tristurak eramango gaitu barne hausnarketara eta geldiunera. Baina horren ondorengo pausoak ekintza behar du izan: mugitzea, gauden lekutik ateratzeko eta mina onbideratzeko, gainditzeko. Pauso hori emateko da erabat beharrezkoa amorrua. Amorrua, bere erabilera sanoenean, aktibaziorako energia baita. Nolabait esan, tristurak errealitatearen alde gogorrarekin konektatzen gaitu, eta amorruak ematen digu hortik irteteko indarra.

 

Tristurari - Igor Elortza

 

 

Barkamena eskatzearen zailtasuna - Nerea Ibarzabal

 

Lagun batekin haserretu eta barkamena eskatzea asko kostatzen zaio Nereari.

Eta guk zer egiten dugu halakotan?

 

 

Besarkada - Uxue Alberdi eta Maite Gurrutxaga. 

 

Tristurak besteengana gerturatzen gaitu. Besarkada bat zenbateraino den sendagarri! 

 

 

 Topa bizitzaren alde!

Bere poz eta bere min... ederra da bizitzea!

Julio Sotok 2019an, Nafarroako bere bosgarren txapela buruan, bizitzari eskainitako txapela.