Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

On egin!

2019-10-14


Sukaldaritza eta jan-edana garrantzitsuak dira gurean: maite dugun jendearekin mahai bueltan elkartu ohi gara, bazkaldu bitartean afaltzeko zer jango dugun eztabaidatzen. Oraintxe dena da pintxo-jate eta "Basque Culinary". Bertso afari eta bertso bazkaririk ere ez da falta!

 

Jatea, plazer hutsa!

 

Nori ez zaio gertatu, goseak amorratzen edo zerbait jateko irrikan gaudenean, mahaira jaki gehiegi atera eta, azkenean, platerekoa ezin bukaturik aritzea, behartuta mastekatzen?  

Maialen Lujanbio eta Unai Agirre egoera horretantxe daude bada!

Jatetxean elkarrekin bazkaltzeko gelditu dira bi lagunak. Tripa-zorriak zituztela-eta, kartatik zopa ez beste guztia eskatu dute. Ari dira platerak jan eta jan, baina bete-bete eginda daude. Sobratzen zaiena etxera eramateko tupperra eskatu edo ez, zalantzan daude.

 

 

Gastronomia kritikaria eta jatetxeko sukaldaria, xextran

 

Mokoa fin eta begirada zorrotz sartu ohi dira jatetxeetara gastronomia kritikariak. Andoni Egaña da horietako bat, eta Sebastian Lizaso txefaren jatetxera sartu da. Entzutekoa da bien ika-mika, ikusi nuanean doinuan, batek galdetu eta besteak erantzun!

 

 

Jatetxean listua pasa ezinda zintzurrean...

 

Afari erromantikoa dute gaur Igor Elortzak eta Sustrai Colinak. Hasiberri dute harremana eta, esamesik ez eragiteko inguruan, jatetxe batera sartu dira ixil-gordean... Baina zer eta, ezagunez beteta dago!

Hara zer puntukako saio eder egin zuten 2017ko Txapelketa Nagusiko finalean, BEC-en.

 

 

 

Mahaikoa gaizki partitzeak ematen duen amorrazioa...

 

Ez da ederra bandexa mahai erdian jarri eta beste kideek zuk baino gehiago hartzen dutela ikustea!

Txirritak eta Bilintxek gosea zer zen ezagutzen zuten, eta mahaian gisa horretako egoerak pasatzea egokitu zitzaiela-eta, bertsoaldi eder bana jarri zuten. Dasta ditzagun!

 

Txirritaren etxeko sardina bandexa hura...

Jose Manuel Lujanbio oso gaztea zela, sei sardina ekarri omen zituzten etxera. Aitak eta amak bina, eta Txirritak eta anaiak bana izan omen zuten jateko. Orduan kantatutakoa omen da bertso hau.

 

 

 Bilintxen aurrean garbantzu guztiak apaizak jan zituenekoa...

Bilintx Oiartzunen izan zen pilota partidua ikusten. Eguerdian sartu da ostatuan bazkaltzera, baina sartu bezalaxe goseak aterako da gajoa... Mahai-buru eseri den apaizak, garbantzu guztiak bere platererako nahi ditu-eta!

 

 

Altza porru!

 

Beti ez gara hain esker-onekoak platerean dugunarekin, ordea.

Barazki zatiak eta pure berdeak agertzen direnean protestak pizten dira mahaian. 

Jantokiko azalorea nazkatu da bere aurrean hartzen dugun jarrera baztertzaileaz, eta barazkien aldeko kantu ekologiko eder hau loratu du zainetatik...

 

 

Garbi janzaleak

 

Porru, azalore eta barazkien lagunak dira "Garbi janzaleak".

Ezagutzen al dugu gure inguruan elikadura muturreraino zaintzen duen "Garbi janzalerik"?

Denok dugu atzean zuloa! Jar gaitezen umorez eta egin dezagun barre geure buruaz eta gure gizarteko pertsonaia estereotipatuez...

 

 

Bio-organic bizitza

Imanol Epeldek ere hara zer bakarrizketa eder osatu duen, umorez, gure egungo Integral, Bio, Ekologiko... etiketa bila aritzeko obsesioaz!

 

 

Jangelara ez joatearren, lagunen etxera...

 

Eskolako lagunen arteko ohitura zaharra da, eguerdietan elkar gonbidatzea etxean bazkaltzera.

Baina ohitura hori arazo bihurtu zaie oraintxe Onintza eta Aitor gurasoei. Euren semeak behin lagun bat gonbidatu zuen etxera bazkaltzera; hurrena 3 etorri ziren; gaur 5 datoz... eskolako jantokikoa baino goxoagoa prestatzen dutelako.

 

Master Chef!

 

Gustatzen al zaigu sukaldean lardaskan aritzea? Zer dakigu prestatzen guk bakarrik, etxekoen laguntzarik gabe?

Ikus ditzagun bertsolariak Master Chef lehiaketan!

Gabonetarako afari berezia prestatu behar dute bi sukaldari bikoteek: Alberdi-Lujanbiok batetik eta Arzallus-Elortzak bestetik. Habaneran puntuka, plater bakoitza nola prestatzen den azaldu beharko digute, zehatz. Azken epaia Egaña eta Lizaso epaileen esku egongo da...

 

Enkargutan prezioei begiratu behar

Sukaldean aritzeko, lehenik enkargutan ibili beharra dago.

Eta krisia hortxe nabaritzen da gehien: patrikan eta dendako orgatxoan.

Ikus dezagun Aitor Mendiluzek eta Unai Agirrek eskainitako puntukako saio berezia. Enkargutan orgatxoa hartuta doaz. Lehen, goraino betetzen zuten saskia. Orain, ordea, krisiarekin erdi hutsik daramate eta, zerbait hartu aurretik, prezioei ondo begiratzen diete.                                                                                                                                                                                                       

 

Egin dezagun bertsotan!

 

Elikadura osasuntsua

Gustuko platerak

Jantokian bazkaltzen