2022-02-25
Sukaldaritza eta jan-edana garrantzitsuak dira gurean:
maite dugun jendearekin mahai bueltan elkartu ohi gara,
bazkaldu bitartean afaltzeko zer jango dugun eztabaidatzen.
Oraintxe dena da pintxo-jate eta “Basque Culinary”.
Gure etxean, jatekorari dagokionez, zer-nolako ohiturak ditugu?
Azken puntua eta oinak emanda, kopletan eta bertsotan jardungo dugu:
neurri txikian eta handian.
Bertsoa atzekoz aurrera sortzeko teknika.
Elikaduraz hamaika kopla eta bertso kantatzeko mamia izango dugunez…
egingo al dugu saiotxo bat jantokian? Gurasoei jantokiko menuak bidaltzearekin
bat, gure bertso sorta ere zabaltzea proposatu dezakegu…
Hamaika egoera bitxi gertatzen dira eskolako jantokian, etxeko sukaldean zein jatetxeetan... Bertso sortek, bat-bateko bertsoaldiek eta esketxek emango digute zer hitz eginik ere!
Bertso bat entzungo dugu, aldiro. Ea asmatzen dugun, elikatzeko moduagatik, zein animalia den!
Mihia saltsan jartzeko, puntu erdika hasiko gara kopletan.
Puntu erdika, kopla txikiak osatuko ditugu. Eskolako jantokian, plateraren aurrean gertatzen zaizkigunak izango dira gure gaia.
Amantala jantzi eta, puntu erdika, koplak osatzen jarraituko dugu.
Baina oraingoan, erronka izango da mezu bera ematea kopla txikian eta kopla handian.
Esaldiak luzatzeko eta mozteko estrategiak erabili beharko ditugu... Gogoratzen?
Puntu erdika aritu gara, eztarriak berotzen.
Beste pauso erdi bat ematera goazen: puntu bana sortuko dugu, txandan txandan, taldean 8ko txikiak osatuz.
Horretarako, lehen puntua jarriko zaigu eta guk erabiltzeko oinak ere emango zaizkigu aukeran.
Orain arte puntu bati hurrengoa josiz osatu ditugu koplak eta bertsoak.
Oraingoan, lehenik azken puntua pentsatzen ikasiko dugu, eta gero, azken mezu horretarantz eramango ditugu gure pausoak.
Koplak eta bertsoak sortzeko prozesu honi atzekoz aurrerako teknika esaten zaio.
Atzekoz aurrerako teknikaz, kopla txikiak sortzen hasiko gara. Ea eskua hartzen diogun modu berri honi!
Aldiro, azken puntua emango zaigu. Guk lehen puntua sortu behar dugu; zer esango dugu gure lehen esaldian, azken mezu horri paso emateko?
Ea atzekoz aurrerako teknikaz zer moduz moldatzen garen, neurri ezberdinotan: kopla txikian, kopla handian, zortziko txikian edo-eta zortziko handian.
Iritsi da ikasi ditugun errezeta guztiak atera eta, bixi punttuaz, denetarik dastatzeko garaia... On egin!
*Dinamika hau egiteko gelan karta jolasak ere erabili genitzake.
Eta nola ez... gure bertso betekadari azken errematea emateko, hara hemen postrea: fruta mazedonia!
Hauxe izango da jolasa: puntua entzungo dugu, fruta baten pista emanez. Ia oroitzen dugun fruta hori zein txartelen azpian dagoen... Bitaminaz betetako memoria eta errima jolasa da!