Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Eskolan 2 urtetik 12 urtera bertsoa lantzeko, Irain ikastetxearen proiektua

2024-12-09


Lesakako Irain ikastetxean, bertsolaritza erdigunean jarriz, 2 urtetik 12 urtera bitarteko proiektu osoa garatu dute. Planteamendua eta materiala eskuragarri jarri nahi izan dute eskola guztientzat eta bertantxe dugu!

 

Eskolan bertsolaritza erdigunean

 

Lesakako Irain Eskola Publikoan bertsoa oinarri duen hezkuntza proiektua dute abian, 2-12 urte bitarteko adin tarte guztietan. Eneko Fernandez bertako irakasle eta bertsolariaren ekimenez abiatu zen proiektua 2022-23 ikasturtean, eskolako zuzendaritzak eta familiek babestuta.

Haur Hezkuntzatik hasita, eskolako bizitzan bertsoa parte izan dadin, adin tarte bakoitzari egokitutako programazioa zehaztu dute, beharrezko material didaktikoa ere sortuz; www.bertsoikasgela.eus atarian dugun materiala ere baliatu dute, adinkako lanketak proposatzeko.

Bideo honetan ikusgai Bertsoa.eus atariak eginiko erreportaia. Eneko Fernandezek nabarmendu zuenez, "bertsoa eskolaren erdigunean jarri dugu bere balio didaktiko guztia baliatzeko".

 

 

Hik Hasi aldizkari pedagogikoak ere Irain ikastetxearen esperientzia jaso du erreportaia honetan, Eneko Fernandez irakaslearen eta Nekane Lasaga ikasketaburuaren eta Musikako irakaslearen testigantzekin. Lasagaren hitzetan, “gure ikasleek, dagoeneko, ez dute bertsoa zerbait puntuala bezala ikusten. Bertsoaren harira, bertzelako edukiak eta gaiak lantzen ditugu proiektuetan. Orain, haur txikiekin (Haur Hezkuntzatik hasita), errutinak bertsoaren bitartez sartzen saiatzen gara, eta, modu horretan, hainbat bertso doinu barneratzen dituzte txikitatik. Eskolako ekitaldietan ere, beti presente dago orain bertsoa".

 

Proiektua eta ikasmaterialak eskuragarri hemen!

 

Irain ikastetxeak ondutako baliabideak eskola guztientzat eskuragarri jarri nahi izan dituzte. Drive dokumentu honetan dago proiektu osoa, gelaratzeko beharrezko material didaktikoetarako loturekin.

Adinka zer eta nola egin, zehaztapenak jasotzen dira bertan. Atxikitako proiektuen artean topatuko ditugu ipuin berts(i)onatuen diska sortzeko proiektua, Lesakako bertsolaritzaren historia lantzeko proiektua (eskola bakoitzak bere herriaz zer egin dezakeen, ideia pizgarri dena), eta LH6. mailari zuzenduta "Eskolari aio, nola erraten zaio?" proiektua. Eranskinetan, berriz, tutorialak eta etapa bakoitzari zuzendutako doinuak topatuko ditugu.