Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Benito Lertxundik kantu ibilbidea amaitu du

2024-12-02


82 urterekin erabakia hartu du Orioko abeslariak: ez du kontzertu gehiago emango. Gure memoriaren soinu bandan, kantu mitiko asko dira Benitorenak. Bertso plazetan ere, zenbat doinu entzuten ditugun bereak... Adi zerrendari!

 

60 URTEKO IBILBIDEA MUSIKAN

Ume marrazkilari hura, gitarra elektrikodun gazte

Benito Lertxundi Orion jaio zen 1942an. Umetan marrazkirako zaletasuna zuen eta Zarauzko Arte eta Ofizio eskolan, buztina eta zura lantzen ikasi zuen. 19 urterekin erloju denda batean hasi zen lanean eta jabeak, Martin Lizasok, laut bat utzi zion; bere kabuz jotzen ikasi zuen. Zaletuta, gitarra elektriko bat erosi eta gustuko zituen abeslari estatubatuarren bertsioak euskaratu eta jotzen zituen, Elvis Presleyrenak, esaterako. La Voz de España egunkariak antolatzen zuen kantu txapelketa batean izena eman, eta bigarren geratu zen. Horri esker, Mikel LaboakKataluniatik itzuli berria zenak— bere berri izan zuen eta Benitorekin harremanetan jarri. Euskal musikariekin zerbait egin nahi zuen Laboak...

Ez Dok Amairu

Ez Dok Amairu Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardista bat izan zen. 1965 eta 1972 bitartean jardun zuen, eta lau urte lehenago abiatutako Euskal Kantagintza Berriaren barruan sortu zen. Hainbat artistek osatu zuten, abeslariek eta idazleek nagusiki: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Jexux eta Joxan Artze, Jose Angel Irigarai... Baita Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea margolari eta eskulturagileak ere. Francoren diktaduraren amaieran, hain azpiratua zegoen euskal kultura suspertu eta berritu zuen mugimendua izan zen.  

Musikagintzan 60 urteko ibilbidea

Benito Lertxundi euskal kantagintzan mito bat izatera heldu da, abeslari eta konposatzaile gisa. Bertsolaritzari ere ekarpen handia egina da: doinu berriak sortzen, doinu zaharrak biziberritzen eta hainbat bertsolari eta sorta ezagutzera ematen Euskal Herrian, hitzak jendearen memorian iltzatzeraino. Osatu duen diskografia zabalean, bere azken lana 82 urterekin kaleratzera doa, Gernika, hain justu kontzertuak emateari uztea erabaki duen une berean (2024an).

 

 

BERTSO DOINU ZAHARRAK LAU HAIZETARA!

Benitoren ahotsean ezagutu ditugu gaur egun bertsolariek plazan darabiltzaten zenbait doinu zahar.

Horien artean, hara hemen ezagunenak.

 

Orioko balearena- 8TX

1901. urtean Orion balea nola arrapatu zuten, zehatz eta garbi azaldu zuen bertsotan Orbegozok, herriko apaizak.

Benitori esker ezaguna egin da Euskal Herrian sorta eta doinua.

 

 

Dama gazte xarmant bat - 8TX

Martin Halsouet "Ttipi Urruñarra"  (1793-1855, Lapurdi) bertsolariarenak dira amodiozko bertso hauek.

 

 

Loriak udan ihintza bezela - 8TX

Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" bertsolariarena da "Izazu nitaz kupira" amodiozko bertso sorta.

 

 

Kantuz sortu naiz eta -10TX

Bertso sorta eder hau Jose Mendiagek jarri zuen; 1845ean Alduden sortu zen (Nafarroa Beherean). 18 urterekin Amerikara joan zen eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen. Sekula ez zuen galdu euskararekiko maitasuna eta bere bertsoak eta olerkiak Montevideoko Euskal Erria aldizkarian argitaratu zituen. Montevideon hil zen 1937an.

Kantu hau abestu izan dute Erramun Martikorenak edo Kalakan talde ezagunak, baita Benitok ere.

 

BENITOK SORTUTAKO BERTSO DOINUAK

Plazan erabiltzen diren doinuen artean, asko dira Lertxundik berak sortutako aireak. Hauek esanguratsuenak. 

 

Muñagorrik diona - 8TX

"Muñagorriren bertsoak" sorta nork jarri zuen ez dakigu, baina Lehen Karlistaldian jarri ziren eta 1838an Gipuzkoan argitaratu ziren. 

Muñagorri (1794, Berastegi-Gipuzkoa) Lehen Karlistaldia hasi zenean 1833an, karlisten aldekoa zen. Baina Zumalakarregi jeneral karlista hil zenean, karlisten garaipena ezinezkoa zela ikusten zuen Muñagorrik, eta gerrari amaiera emateko oinarri hau jartzen saiatu zen: karlisten errendizioa, euskal sistema foralak irautearen truke. 

Bakea eta Foruak aldarria 1838ko apirilaren 19an plazaratu zuen Berastegin. Haren helburua bakea lortzea zen, gerra luzatzeak ezer onik ekarriko ez zuelako, heriotza eta miseria, besterik ez. Mezu hori zabaltzeko, bertso hauek erabili zituen Muñagorrik. Bertsoak ahoz aho hedatu ziren eta laster arras ospetsuak egin ziren bai liberalen eta bai karlisten artean.

 

Sumatuz euskaldunak - 8TX

Xalbadorren bertso sorta da hau (1920-1976 Urepele, Behe Nafarroa). "Odolaren mintzoa" liburuan jaso zuen Xalbadorrek eta "Nigarra begian" da sortaren izena. Xalbadorri nigarra begian eragiten diona zera da: euskaldunak, handinahiez, euskara baztertu eta beste hizkuntzetan mintzatzea. Bertso sorta honen esaldia lau haizetara egin zen ezagun: "Aunitz maite duenak aunitz sofritzen du!". Xalbadorren bertsoak Benito Lertxundik berak sortutako doinuan zabaldu zituen.

 

Ama nola zure belaunetan - 8H

Xalbadorrek (1920-1976 Urepele, Behe Nafarroa) "Odolaren mintzoa" liburuan jaso zuen bertso sorta hau, "Ene ama zenari" izenburuaz. Benito Lertxundik berak sortutako doinuaz egin zuen kantu, "Mundurat eman ninduzun" izenez.

 

Zuhaitzetan den ederrena da -8H

"Orreaga" kantua sortu zuen Benitok, Xabier Iratzederren poemarekin.

Orreagako gudua 778an gertatu zen. Karlomagnoren armadak Iruñea erre zuen eta Frantziara bueltan zetorrela, Orreagan garaitu egin zuten euskaldunek. Bataila epiko haren kontakizun bakarra iritsi izan zaigu: Errolanen kantua, XI. mende amaieran frantsesek ondua, euren ikuspegitik. Benito Lertxundik eta Iratzederrek euskaldunon gudu kantua sortu nahi izan zuten, gure historia ere jaso dezagun kantu memorian.

 

 

Epaile bat behin konturatu zen - 8H

"Itzala" izeneko kantu honen bertsoak Andoni Egañarenak dira. Edonor gartzelara sartzeko amorratuta bizi den epaile bati buruzko satira da: egia dion haurra, ilargia eta eguzkia ere sartuko ditu zuloan. 1998an hasita, bi hamarkadaz epaitegietan zabalik egon zen 18/98+ makrosumarioa eta herrigintzako kide eta erakunde euskaldun asko pasa ziren auzitegietatik. Horien artean, itxi egin zituzten Egin eta Euskaldunon Egunkaria. Askok espetxean jasandako tortura salatu zuten. Euskal abeslari askoren artean atera zuten 18/98+ Auzolanean diska, auzipetuei babesa eman eta bidegabekeria salatzeko. Tartean zegoen kantu hau ere.

 

 

Azken arnasa eman nahi nuke - 10H

“Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira” esaldia Sebastian Lizasok kantatu zuen 1989ko Txapelketa Nagusiko finalean, kartzelako (edo egungo ganbarako) lanean: hemen entzungai. Halaxe zion gaiak: “Bizitza guztia itsasoan eman duzu: Gaur egun ohetik mugitu ezinez zaude. Leihotik sartzen zaizu itsasoaren olatu hotsa”. Azken bertsoa eta bertsoaldia errematatzeko kantatu zuen Lizasok “Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira”.

Jon Maiak “Itsasoari begira” sortan, Euskal Herriari buruzko gogoetak jaso zituen. Kantua Benito Lertxundik plazaratu zuen “40 urtez ikasten egonak” CDan (Elkar, 2005). 

 

 

Primaderako liliak II - neurri berezia

Mixel Labegeri (1921 Uztaritze, Lapurdi - 1980 Tolosa, Okzitania) "Euskal Kantagintza Berriaren aita"tzat hartzen da.  Aberriari eta euskarari zien maitasuna islatzen zuten bere abestiek, eta eusko abertzaleen ahotan erruz zabaldu zen haren Gazteri berria kanta. Bertsolaritzan, epaile aritu zen Labegerie, 1960ko Bertsolari Txapelketa Nagusian (txapela "Basarri"k jantzi zuen).

"Primaderako liliak" kantua Labegerik bere lehen diskan atera zuen (1961 edo 1963 urtea zen, zalantza egiten da) eta autobiografikoa omen da bertan agertzen zuena. Hainbat urte geroago Benito Lertxundik bertsio hau egin zuen.