Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Badator Gipuzkoako Txapelketako finala!

2024-12-09


Abenduaren 14ean, larunbatez, arratsaldeko 17:00etan hasiko da saioa, Donostiako Ilunbe zezen plazan. Bertaratzerik ez badugu, zuzenean ikus genezake ETB1 eta www.bertsoa.eus hedabideetan. Bertsolariak animatzeko koplak jarriko al ditugu?

 

TXAPELKETA OSPAKIZUN: HAURREN BERTSO ESKOLEK 50 URTE

Gipuzkoako Txapelketak urteurren esanguratsu batekin egin du bat: haurren bertso eskolak sortu zirela 50 urte ospatzen baitira aurten. Lehen aldiz haurrei bertsotan erakusten hasi ziren Leintz bailarako Almen Bertso Eskolan (Eskoriatzako Apotzaga auzoan). Irakasle eta antolatzaileak ziren Patxi Goikolea, Xanti Iparragirre eta Juanito Akizu. Haur talde handi hartan zeuden gerora oso ezagun egingo ziren lagunak: Aitor eta Jon Sarasua anaiak, Arantzazu Loidi (bere garaian plazan bat-batean jardun zuen emakume bakarretarikoa), Felix Inurrategi mendizalea...

Haurrei bertsotan irakatsi bakarrik ez: beste urrats handi bat ere eman zuten Almen Bertso Eskolako gidariek. Ikastolen Elkartera jo zuten, ikastetxeetan bertsolaritza erakutsi zedila proposatzera, gero zaletuenek bertso eskoletan eman zezaten segida. Bide berri horri esker hasi zen Mikel Mendizabal bertsotarako ikasmateriala sortzen Ikastolen Elkartean. Eta proiektu horren baitan sortu zen, baita ere, Eskolarteko bertso txapelketa, 18 urtez beherako gazteak plazaratzen dituena.

Argazki honetan ikus daiteke bertso eskoletan hasi zen lehen belaunaldi gaztea Uztapide bertsolariarekin. Argazki honetan oinarrituta sortu du Gipuzkoako Txapelketaren irudia Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilariak.

 

 

Txapela Arantzazu Loidik jantziko dio garaileari eta bertsolari gaztearen saria Patxi Goikoleak emango du

Almen Bertso Eskolaren izenean, Arantzazu Loidik eta Patxi Goikoleak emango dituzte bi sari nagusiak: haurren lehen bertso eskola hartako ikasleak eta irakasleak. Irabazleari txapela Arantzazu Loidik jantziko dio: orain 50 urte Almen Bertso Eskolako ikaslea zen eta garaian plazan kantatu zuen emakume bertsolari bakarretakoa izan zen. Arantzazuk alboan izango du Patxi Goikolea, Almen Bertso Eskolaren sortzaile eta irakasle izan zuena: bertsolari gazte onenari emango dio saria Patxik, 25 urtez beherakoetan gailentzen denari.    

 

Hitzetik Hortzera telebista saioak elkarrizketatu egin ditu Patxi Goikolea eta Arantzazu Loidi: ikus dezagun zer oroitzapen dituzten Almen Bertso Eskolaren sorreraz!

 

 

FINALEKO SAIOA

Abenduaren 14ean arratsaldeko 17:00etan hasiko da lehia, Donostiako Ilunbe zezen plazan.

Oholtzan, 8 bertsolari hauek ariko dira kantuan.

Saioaren amaieran, bi bertsolari onenak buruz buru ariko dira, txapela nork eskuratuko. 

 

ZUZENEAN ETB1 KATEAN eta WWW.BERTSOA.EUS ATARIAN

Gipuzkoako Txapelketa lau urtean behin izaten da. Finalean milaka ikusle elkartuko dira Ilunbeko zezen plazan. Horiez gain, beste milaka ikuslek jarraituko du finala zuzenean telebista, irrati eta webguneen bidez.

Finaleko sarrerak eskuragarri ditugu www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertara joateko aukerarik ez badugu, plan ederra da etxetik ikustea ere. Aukera askoren artean, ETB1 katea piztu genezake saioa ikusteko; edo www.bertsoa.eus webgunean sar gaitezke, edonon gaudela ere, finala ikus-entzuteko.

 

EZAGUTU DITZAGUN FINALEAN ARIKO DIREN BERTSOLARIAK!

Ikus ditzagun bertsotan Ilunbeko oholtzan ariko diren bertsolari finalistak.

 

 

BERTSOLARIEI ANIMOZKO KOPLAK BIDALIKO AL DIZKIEGU?

Zortzi bertsolarien artean, ba al dugu gure bailarako bertsolaririk? Edo bereziki kuttuna dugunik?

Finaleko saioari begira gure animoak bidaliko dizkiogu, kopletan.

Gero nola helarazi ere, pentsatu beharko dugu... Audioz edo bideoz grabatuta bidali geniezaioke; gure eskolara gonbidatu genezake bestela!