Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Aroa Arrizubietak irabazi du Arabako Eskolartekoa

2019-05-20


Legution ospatu zen maiatzaren 11an Arabako finala, Bertsoa Bizi Gazte Egunarekin batera. Bideoklip lehiaketan 7 gazte taldek hartu zuten parte, eta ostean bertso-eskoletako 6 bertsolari lehiatu ziren bat-bateko finalean. Aitor Ugarte izan zen bigarren, eta Aroarekin batera sailkatu da EH-ko finalera.

 

Bertsoa Bizi Gazte bideoklip lehiaketa

Arabako gazteek taldeka (3-8 lagun) aurkeztu ahal izan dituzte euren ekoizpenak lehiaketara. Bakoitzak nahi zuen gaia hartuta, bertsoak musikatuz, abestiei letrak aldatuz edo RAP moldeetan osatu zitzaketen bideoklipak.

III. edizio honetan 7 klip jaso dira, eta guztiak proiektatu dira maiatzaren 11an Legution ospatu den Bertsoa Bizi Gazte egunean. Lau sari nagusi banatu dira: bideo klip onenaren saria, originalena, web guneko bozkatuena eta txalo metroaren saria.

 

Eskolarteko finalean bertso-eskoletako gazteak, bat-batean

Bideoklip emanaldiaren ostean, Arabako Eskolarteko finalari ekin zitzaion.

Oholtzan 6 bertsolari gazte: Danel Herrarte, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi (Aramaioko bertso-eskolatik), Aroa Arrizubieta eta Eli Zaldua (Gasteizko bertso-eskolatik), eta Beñat Cano (Lautadako bertso-eskolatik).

Aroa Arrizubieta gasteiztarrak eskuratu zuen lehen postua, eta Aitor Ugarte aramaioarra izan da bigarren. Biek abestuko dute, beraz, ekainaren 8an Saran ospatuko den EH-ko finalean.

Festa arratsaldera arte luzatu zen Legution. Herri bazkariaren ostean dantzarako aukera jarri zuen Mulixka taldeak, eta oraindik mingaina bixi zuten bertso-eskoletako kideentzat mikrofono irekia zabaldu zen.

 

Sari nagusia, gazteen egonaldia

Bertsoa Bizi Gazte lehiaketako talde sarituek eta Arabako Eskolartekoan finalista izan diren bertsolariek, sari nagusiaz elkarrekin gozatu ahal izango dute: irailaren 6tik 8ra Eulaten (Nafarroan) egingo den egonaldia izango baita sari ederra. Gazteek, taldean, kirol abenturaz eta sormenaz goza dezaten, Urbasa natur parkean.

 

Entzun ditzagun txapelduna eta txapeldunordea!

 

Aroa Arrizubieta - puntu erantzuna

Puntua: Edertasuna nola duzu baloratzen?

 

 

Aitor Ugarte - bakarka

Gaia: Klasean izan duzuen eztabaida batek etorkizunean pentsatzen jarri zaitu.