2024-12-16
Larunbatean, abenduaren 14an, jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa finala.
Milaka zalek jarraitu zuten saioa: zezen plazan 6.500 lagun elkartu ziren. Beste milakak ETBn, www.bertsoa.eus atarian edo irratiz jarraitu zuten zuzenean.
Guk ere ikusi al genuen saioa? Hala bada, non ginen, Donostian ala etxetik jarraitu genuen?
Maila bikaineko saioa izan zen eta zortzi bertsolariek utzi zituzten ale ederrak.
Lehen zatia amaituta, buruz burukora sailkatu ziren Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi; Oihana Iguaran puntu erdira gelditu zen buruz burukotik. Alaia Martinek irabazi zuen txapela eta Arantzazu Loidik jantzi zion; haurren lehen bertso eskolan, Almen Bertso Eskolan, lehen belaunaldiko ikaslea izan zen Arantzazu, eta bere garaian plazan kantatu zuen emakume bakarretarikoa izan zen. Patxi Goikoleak, Almen Bertso Eskolaren sortzaileetako bat izan zenak, eman zion bertsolari gazteenaren saria Aner Euzkitzeri.
Lagunak dira Aner Euzkitze eta Nerea Elustondo. Gabonetan herriko merkatariek zozketatzen duten saskirako, Euzkitzek hamar txartel erosi zituen, eta bat Elustondori oparitu zion. Saskia Elustondori egokitu zaio.
Lagunak dira Andoni Rekondo eta Oihana Iguaran. Jatetxe batera doazen aldiro, Andonik kexa besterik ez du izaten, gauza batengatik ez bada besteagatik...
Jubilatuta dauden bi lagun dira Andoni Rekondo eta Aner Euzkitze. Andonik askotan zaintzen ditu bere bilobak, gustora egoten da haurrekin; Anerrek ez du bere denbora bilobak zaintzen pasa nahi izaten.
Ane Labaka eta Eneritz Artetxe bikotea dira eta etxe berria erosi zuten. Bazpada, larrialdi egoeratarako, giltzaren kopia bat eman zieten Aneren gurasoei. Orain, Aneren gurasoak edozein momentutan sartzen dira etxera.
Aita-amak dira Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin. Seme-alabekin partxisean jokatzen hasten direnean, Alaia beti saiatzen da haurrek irabaz dezaten eta propio galtzen du. Beñat, aldiz, beti saiatzen da irabazten.
Arantzazu Loidik txapela jantzi berri, Alaia Martinek eskainitako agurra, laguntasunari.