Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

140 gazte Nafarroako Bertso-eskolen Egunean

2019-05-28


Maiatzaren 26an elkartu ziren Ultzaman. Orgiko basoan jolastu, Larraintzarren bazkaldu, Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa egin eta bertso saioaz gozatu zuten 9-16 urte bitarteko partaideek.

 

Iruñerria, Baztan, Bortziriak, Larraun, Leitzaldea, Malerreka eta Sakanako Bertso Eskoletako 140 gazte elkartu ziren Nafarroako Bertso-eskolen Egunean, harreman sareak egin eta egun eder bat pasatzeko asmoz. 

Goizean Orgiko basoan elkartu eta bertan egin zituzten elkar ezagutzeko jolasak. Ostean, Larraintzar herrian bazkaldu eta bertako eskolan egin zuten Nafarroako Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa. Guztira, 150 lan inguru aurkeztu dira aurten lehiaketara. Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetako kategorian Kattin Madariaga (Arantza) izan zen sariduna, 6. mailan Beñat Sanz de Acedo (Iruñea), DBHko 1.eta 2. mailatan Amaiur Goñi (Bera) eta DBHko 3. eta 4. mailatan Beñat Astiz (Barañain). Sariak eman ondoren, bat-bateko saioa egin zuten bertsolari gazteek, eta horrekin eman zioten amaiera egunari.

Egun, 18 urtetik beherako 300 ikasletik gora aritzen dira Nafarroako bertso-eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen, 39 taldetan.