Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Herrialdeetako txapeldunak Eskolartekoan

2020-11-02


Eskolarteko Txapelketak jokatu dira herrialdeetan eta bertsolari gazteek maila ederra erakutsi dute oholtza gainean.

 

Ekhiñe Zapiainek irabazi du Nafarroan

Urriaren 30ean Etxarri Aranazko Kultur Etxean lehiatu ziren Nafarroako 7 bertsolari gazte herrialdeko finalean: Ainhoa Arrizabalaga (Iruñea), Amaia Lasheras (Barañain), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Eki Mateorena (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera) eta Etxahun Azkarraga (Etxalar). 

Gai jartzaile eta aurkezle lanak Maider Ansak egin zituen eta epaimahaia Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Nerea Bruñok osatu zuten. 

Bertso saioaren lehen zatiaren ostean, buruz-buru Bittori Elizalde eta Ekhiñe Zapiain lehiatu ziren eta azkenik Ekhiñek eskuratu zuen txapela, Julio Soto bertsolariaren eskutik. 

 

Gipuzkoan, Aner Peritz txapeldun

Urriaren 16an jokatu da Gipuzkoako finala, Azkoitiko Kultur Etxean. Hiru kanporaketa jokatu ostean, finalean Maide Garmendia, Ane Zubia, Aner Peritz, Naia Arrizabalaga, Hodei Munduate eta Uxue Ostolaza aritu dira kantuan, Ane Ezenarro gai jartzailearen esanetara. Epaile lanetan Oihana Aranguren, Mikel Lersundi eta Bakarne Urreaga aritu dira.

Kultur Etxea osasun neurriak errespetatuz bete zitekeen entzule kopuruarekin beteta, saio ederra eskaini dute sei bertsolariek. Aner Peritz izan da txapelduna eta Naia Arrizabalaga bigarren sailkatua.

 

Bizkaian Irune Basagoiti nagusitu da

Urriaren 17an Arrigorriagan eskaini da Bizkaiko finala. Aurten 27 parte hartzaile aritu dira Bizkaiko bat-bateko txapelketan eta lau kanporaketa jokatu dira. Horietatik zortzi heldu dira finalera: Irune Basagoiti, Maider Altuna, Izaro Bilbao, Leire Vargas, Amaiur Atxa, June Diaz, Sara Asenjo eta Jokin Ansotegi.

Zortziko handian eta txikian ofiziotan egin dute gazteek, eta ostean, bakarka gaiari erantzun. Ariketa horiek egin ostean, Leire Vargas eta Irune Basagoiti izan dira buruz-burukora sailkatu diren bertsolari biak. Puntuari erantzun eta gai bati bertso bana bota behar izan diote atal honetan.
Buruz burukoa jokatu ostean, Irune Basagoitik batu ditu puntu gehien, eta beraz, 2020ko Bizkaiko eskolarteko txapela lortu du. Txapela Karlos Molinuevok, Arrigorriagako bertso eskolako sortzaileak, ipini dio txapeldunari.

 

Araban garaikurra Aitor Ugarterentzat

 
Urriaren 10ean eskaini zen finaleko bertso saioa, Murgian, 80 entzuleren aurrean. Gasteizko Eukene de los Aires bertsolari gazteak eskuratu zuen bigarren postua.
 
Murgiako Palatu Kirol eremuan Arabako 6 bertsolari gazte hauek izan ziren oholtzako protagonista, Arabako Eskolarteko finalean: Gasteizko Hegoi Amabizka eta Eunene de los Aires, Aramaioko Danel Herrarte, Gari Arexolaleiba eta Aitor Ugarte eta Aguraingo Beñat Cano.

Zortziko handian eta zortziko txikian ofizioka aritu ostean, bina punturi erantzun eta bakarkako lanaz borobildu zuten saioa. Epaile lanetan aritu ziren Ekaitz Elorriaga, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Aitor Jimenezek txapeldun izendatu zuten Aitor Ugarte aramaioarra eta txapeldunorde Euneke de los Aires gasteiztarra.

 

Haira Aizpurua irabazle Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako Eskolartekoan

Uztailaren 11an jokatu zen hiru herrialdeotako finala, Senperen. Aretoa ikuslez bete zen eta bertaratuek giro ederrean gozatu ahal izan zuten saioez. Aipatzekoa da inoizko ediziorik parte hartzaileena izan dela aurtengoa. Hasieratik 24 bertsulari gaztek parte hartu zuten kanporaketetan, hoietatik 12 finalerdietara pasa ziren eta lehenengo seien artean jokatu zen finala.

Finalean bat-batena lehiatu ziren 14-18 urteko 6 bertsolari gazteak hauexek dira: 

  • Oneka Arteaga Olasagasti
  • Mae Laskaray Lagan
  • Josu Txoperena Iribarren
  • Irantzu Idoate Funosas
  • Haira Aizpurua Ibargarai
  • Laida Etxeberri Pacheco

Haira Aizpurua Ibargaraik bildu zituen puntu gehien eta Irantzu Idoatek eskuratu zuen bigarren postua. Haira Aizpuruari Beñat Soulék jantzi zion txapela, urte luzez Bertsularien Lagunak Elkarteko kide aktiboa izan denak.