Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Onintza Enbeita Txapeldun!

2018-12-17


Buruz burukoa Etxahun Lekuerekin lehiatu ostean jantzi zuen Bizkaiko txapela Onintzak, 4.350 lagunen aurrean. Goza dezagun finaleko bertsoaldi hautatuekin!

 

GABON GAUEKO AFARIAN, SALTSA EDERRA...

Bikotea dira Xabat Galletebeitia eta Etxahun Lekue. Gabon gaua da eta familiako afarian daude. Etxahunek gorroto ditu halako ospakizunak; Xabatek, aldiz, ondo baino hobeto pasatzen du beti. Etxahunek denbora darama Xabati keinuka, joan egin nahi duela adierazten. Xabatek ez du seinale bat bera ere jasotzen...

 

 

KARAOKEAN, ENPRESAKO NAGUSIAK EZ DU MIKROA ASKATU NAHI!

Lankideen bazkaria dute Onintza Enbeitak eta Nerea Ibarzabalek. Parranda luzatu eta karaokean amaitu dute. Nerea enpresako nagusia da eta ez du mikrofonoa askatzen; Onintza kantatzeko desiatzen dago...

 

 

PUNTU ERANTZUNAK, GABONEI BURUZ

Aitor Bizkarrak bikain erantzun zituen Gabonei buruz jarritako bi puntuak... 

 

 

UMETAN BULLYINGA JASAN ZUTENAK, ESKOLARA BISITAN

Umetan eskola jazarpena bizi izan zuten Nerea Ibarzabalek eta Etxahun Lekuek. Gaur eskolatik deitu diete, ikasleekin jazarpenaren gaia lantzen ari direla-eta, euren bizipenak kontatzera eskolara etor daitezela eskatzen. Nereak joateko asmoa du; Etxahunek ez.

  

 

TRATU ONA EMATEN DIGUTEN LAGUNAK HAUTA DITZAKEGU...

Aitor Bizkarrak ere bere bakarkako lana Bullyingarekin lotu zuen. Txikitako lagun koadrilakoak bere kontura barre eta isekan aritzen ziren. Aspaldian ez da eurekin elkartu. Gaur, koadrilako bazkaritara joateko gonbidapena jaso du mugikorrean. Zer erantzungo ote die?

 

 

OLENTZERO ETA MARI DOMINGI, AKELARREAN!

Zortzi bertsolarien arteko lehia estuaren ondotik, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita sailkatu ziren buruz burukora.

Hara zer egoera xelebretan jarri zituzten biak...

Onintza Olentzero izango da eta Etxahun Mari Domingi. Mari Domingi egur bila abiatu da basora; asko tardatzen duela-eta, bere bila irten da Olentzero. Akelarre batean topatu du dantzan, eta hurreratzeko gonbitea egin dio Mari Domingik Olentzerori.

 

 

TXAPELDUNAREN AGURRA

Saio bikaina eskaini zuten zortzi bertsolariek ere, eta azken unera arte hortzak estutu zituzten Onintzak eta Etxahunek. 

2018ko Bizkaiko Txapela, Onintza Enbeitak jantzi du. Osabaren eskutik jaso du gainera: Jon Enbeita bertsolariarengandik.

Izan ere bertsolariz betetako familia da Enbeitatarrena: Onintzaren birraitona "Urretxindorra" ospetsua izan zen. Aitona zuen Balendin Enbeitak jantzi zuen Bizkaiko lehen txapela. Jon Enbeita osaba ere, Bizkaiko Txapelduna izana da birritan. Lehengusu askok ere bertsotan egiten dute. Historia egin duen beste Enbeitatar bat da Onintza: Bizkaiko Txapela jantzi duen lehen emakumea da.  

 

Unkigarria eta mezuz betea izan zen Jon Enbeitak eskainitako bertsoa ere, Onintza ilobari txapela jantzi ostean.