Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Ikasturtea agurtzeko 196 jaialdi eskainiko ditugu ikasleok!

2019-05-14


Urtean zehar egindako lana oholtzaratzeko garaia dugu! Formatu ezberdinetako jaialdiak, kantaldiak, topaketak eta besta egunak eskainiko ditugu apiriletik ekainera bitarte, euskararen 7 lurraldeetan, gurasoen, ikaskideen eta herritarren aurrean.

 

2018/2019 ikasturtea sartu zaigu azken txanpan. Ez dugu lan makala egin, aurten ere, bertsolaritza lau haizetara zabaltzeko: euskararen 7 lurraldeetan, 205 herritan, 469 ikastetxe eta 26.366 ikaslerekin landu dugu hitzaren jolasa, Bertsozale Elkarteko 53 irakasleen eskutik.

Gelan egindako lana jendaurreratzeko unea iritsi zaigu! Ikasgela bakoitzak gure emanalditxoa eskainiko dugu orain, 7 herrialdeetan zehar eskainiko ditugun 196 jaialdietan. Urtean zehar gehien gustatu zaizkigun sortak, ikasleok jarritako bertsoak, esketxak, antzerkiak, zein bat-bateko saioxkak eskainiz guraso eta ikaskideen aurrean. Emanaldi batzuetan musikariak, bertsolariak edo bertso-eskolako kideak izango ditugu lagun. 

Ospatzekoa baita ikasturte honetan eman dugun urratsa eta, 34 urteotako ekinaz, egiten ari garen bidea!

 

IKUS DEZAGUN IKASLEEN EMANALDI BAT!

 

Berako Labiaga Ikastolan bertso antzerkiak, sorta musikatua eta bat-bateko emanaldia eskaini dute ikasleek.

Goza dezagun!

 

Bertso antzerkia: Charlie eta txokolatezko lantegia 

 

Bertso antzerkia: Timuti jirafa

 

 

Sorta musikatua: Sarean harrapatuta

Nerea Ibarzabal bertsolariaren Sarean harrapatuta sorta ederra abestu zuten DBHko ikasleek, gitarra eta perkusioaren laguntzaz.

 

Oinak emanda bat-batean!

Nahi zuten denek bat-batean egiteko aukera zabaldu zen emanaldiaren amaieran. Bi oinak zein lau oinak emanda, kopla ala bertsoa abesteko ateak irekiz, banaka zein bi lagunen artean. Ikus ditzagun bat-bateko ale batzuk!

 

Jaialdi gehiago ikusgai

Ikastetxe eta herri bakoitzean egiten diren emanaldien bideoak, Bertsoikasgela.eus atarira igotzeko aukera dago.

Hemen daude ikusgai ikasturte honetakoak!

 

 

ARABAN TOPAKETAK

Herriko ikastetxeen topaketak eskainiko ditugu Gorbeialdean (Ikas pilota jaialdiaren baitan), Lautadan, Amurrion eta Laudion.

 

BIZKAIAN KANTALDIAK ETA TOPAKETAK

Mikel Inunziaga musikariaren laguntzaz 50 kantaldi eskainiko ditugu eskolatan, ikasturtean zehar landutako bertso sorta eta abesti ezagunekin gozatzeko.

Beste 18 topaketa ere egingo ditugu herri edo eskualde mailan, ikasleok gure lanak oholtzaratu ditzagun; eskualdeko 2 bertsolarik ere parte hartuko dute emanaldiotan.

 

GIPUZKOAN GU ERE BERTSOTAN  JAIALDIAK

Herri mailako 82 jaialdi eskainiko ditugu, publikoan ikastetxe ezberdinetako gurasoak elkartuz.

Eskola txikiak dauden 13 herritan, berriz, ikasturte bukaerako eskola jaialdiaren baitan eskainiko diogu tartea bertso emankizunari.

 

NAFARROAN JAIALDIAK ETA BERTSO BESTAK

Ikastetxe zein herri mailako 22 jaialdi eskainiko ditugu. Batzuetan eskualdeko bertsolariak eta bertso-eskolak ere elkartuko zaizkigu oholtzan.

 

ZUBEROA, LAPURDI ETA BAXENABARREN BERTSULARI TTIKI ETA BESTAK

Seaskako ikastolekin 4 Bertsulari Ttiki egun ospatuko ditugu. Ikastola bakoitzak gure emanaldia eskainiko dugu beste ikastolen aurrean, Oskar Estanga musikariak eta bi bertsolarik lagunduta.

Ikastetxeetan beste 3 Besta ere ospatuko ditugu.