Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Ikasgela berria du bertsolaritzak

2018-07-13


Bertsoaldiak, jolasak, ariketak… guztia esku-eskura izango duzu sarean aurrerantzean. Ezagutu ezazu bertsoikasgela.eus.

Oporrak ematen duten bi hilabetetako arnasaldiaren ondotik, burua berriro ere ikasgelara ekartzea ez da erraza izaten, ezta? Lagunekin berriro elkartuta izaten diren solasaldiek, liburu berrien usainak edota birziklatutako zaharren zirriborroek ematen duten entretenimenduak, ordea, asko arintzen dute itzulera.

Bertsolaritza jolasti ibili da eta dabil plazaz plaza, eta umore hori ikasgelara kutsatzeko aparteko tresnarekin dator 2018-2019 ikasturte berrira: bertsoikasgela.eus.

Jakina da bertsolaritzak beharrezko dituen bidelagunak zaretela, bai ikasleak eta baita irakasleak ere. Zuentzako guztiontzako baliabide erakargarri eta lagungarria izango da bertsoikasgela.eus gunea. Bertsolaritza eskolatan egindako jolasak berreskuratzeko aukera izango da eskola orduetatik kanpo, zuen lagunei edo gurasoei erakusteko eta, noski, berriro ondo pasatzeko! Gainera, bertso jarrien eta bat-batekoen sorta ederra izango duzu, nahi adina entzun eta abesteko.

Eta irakasleak… ikastetxe batetik bestera zabiltzate bertsolaritza han eta hemen zabaltzen, Agurainen zein Donamartirin izan, bertsolaritza ikasgelan falta ez dadin. Gelan lantzeko materiala esku-eskura izango duzue orain, eta gela bakoitzean gaia utzitako lekuan berrartzeko modua.

Uda ahazterako adina izango ez bada ere, uda bertsotan gogorarazteko lain izan dadila ikasgela berria! Mahaiak eta aulkiak atonduta, margoa lehortu berria hormetan… ustez guztia doitua dugu bertsolaritzaren gela berrian; baina kableren bat aske ikusi edota bonbila ala anpoila erre dela ikusiz gero, idatzi iezaguzu bertsozale@bertsozale.eus helbidera.