Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

EH-ko Eskolarteko Txapeldun Irati Alcantarilla

2019-06-17


Saran ospatu zen finala, ekainaren 8an. Oholtzan 13 bertsolari, 7 herrialdeen ordezkari. Maila bikaina eta lagunarteko giroa nagusitu zen kantukideen artean. Aner Peritz izan da txapeldunorde.

Euskal Herriko XXXI. Eskolarteko Txapelketaren bat-bateko finalean, parte-hartzaileok entzuteko aukera izan zen oholtzan: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002); Baxenabarretik, Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002); Bizkaitik, Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2001) eta Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño, 2001); Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi Loidi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz Manterola "Euzkitze" (Zarautz, 2002); Lapurditik, Naia Etxeberri Larzabal (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Leire Casamajou (Sohüta, 2002). 

Bi fase izan zituen saioak. Bigarren fasean sei bertsolarik egin zuten aurrera: Aitor Tatiegik, Aner Peritz "Euzkitze"k, Aroa Arrizubietak, Bittor Altubek, Irati Alcantarrilak eta Xabat Illarregik. Azkenean, Irati Alcantarillak eskuratu zituen puntu gehien eta Aner Peritz "Euzkitze" izan zen bigarrena.

Aitor Sarasuaren sendiaren izenean Maddi Sarasuak jantzi zion txapela txapeldunari. Hala, Aitor Sarasuabertsolaritzari egindako ekarpen handiari keinu egin zitzaion, esker onez; Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari izana, bertsu irakasle aritutakoa, bertsolaria eta Eskolarteko Txapelketan parte hartu zuen lehen belaunaldikoa ere bazen Aitor, belaunaldiz belaunaldiko transmisioan lan eskerga egindakoa.

 

Saio ostean jaiak aurrera jarraitu zuen, Lur Berri aretoan bazkaritan elkartu baitziren parte hartzaileak zein ikus-entzuleak, eguna behar bezala ospatzeko. Otordua Iparra-Hegoa ekimeneko kideek prestatu zuten.

Eskolartekoaren bat-bateko txapelketa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute elkarlanean. Edizio honetan guztira 15-18 urte bitarteko 98 bertsolari gaztek hartu dute parte, herrialdeetako kanporaketa saio eta finaletan. Euskal Herriko osoko bertsolari gazteen topaleku da, bat-batean trebatzeko motibazioa indartzen duen ekimena izateaz gain.