Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Aitor Ugarte txapeldun Arabako Eskolartekoan

2020-10-13


Urriaren 10ean eskaini zen finaleko bertso saioa, Murgian, 80 entzuleren aurrean. Gasteizko Eukene de los Aires bertsolari gaztea ere Euskal Herriko finalera sailkatu da.

Murgiako Palatu Kirol eremuan Arabako 6 bertsolari gazte hauek izan ziren oholtzako protagonista, Arabako Eskolarteko finalean:

Gasteizko Hegoi Amabizka eta Eunene de los Aires, Aramaioko Danel Herrarte, Gari Arexolaleiba eta Aitor Ugarte eta Aguraingo Beñat Cano. 

Zortziko handian bina bertso kantatu zituzten, gaitzat egoera hauek hartuta: lehenengoan, aiton-amonak ikusi gabe aspaldian egondako biloben paperean aritu ziren. Ondoren, institutura bueltatzeko gogoz egon arren ikusitakoaz haserre dauden ikasleen ahotik aritu ziren eta, amaitzeko, etxetik joan nahian dauden gazteen larrutik kantatu zuten.

 

Zortziko txikian ofizioka jarraitu zuten gero, umoretik. Garai xelebre hauetan asko ligatzen duena eta ezer ligatzen ez duena aurrez aurre jarrita, Hegoi Hamabizkak eta Beñat Canok saio bizia egin zuten. Aitor Ugarte eta Gari Arexolaleibak ere kolpe ederrak eskaini zituzten, inoiz kirola egin ez eta korrika hasi berri diren bi lagunen lekutik; konfinamendua eta gero geldi egotearen ondorioak pairatu ostean,  “grabitateak ondo ein du bere lana” gogorarazi zuen Aitorrek.  Eukene de los Airesek eta Danel Herrartek bertso-eskolako errealitateari heldu zioten, herdoildutako eta asko entrenatutako ikasleen lekutik kontraesanak azaleraziz.

Bina punturi erantzun eta bakarka aritu ziren azkenik, saioa borobiltzeko. 

Eukene de los Airesek esan bezala, saioaren amaierarako nerbioak lasaituta eta gozatzen aritu ziren bertsolari gazteak, askorentzat final batean abesten zuten lehen aldian.

 “Eskolarteko berezi hori / ez da horrenbesterako....prestatu Euskal Herrirako!

Epaile lanetan aritu ziren Ekaitz Elorriaga, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Aitor Jimenezek txapeldun izendatu zuten Aitor Ugarte aramaioarra eta txapeldunorde Euneke de los Aires gasteiztarra.

Aroa Arrizubieta bertsolariak iazko lekukoa jasotzen duen egurrezko mikrofonoa pasa zion Aitorri, sendo kantatuz  “lekukoa pasatu / daigun eskuz esku /  ze bertsoak txapeldun / bat bakarrik ez du”.

Eskerrak emanez itxi zuen saioa txapeldunak, lekukoa hartu izanaz pozik.

"Mikroa doa oinordetzan ta / nola ez harro sentitu / aurrerantzean bertso ederrak / ere kantatuko ditu!"