Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Tristurari

  • Bertsolaria(k): Igor Elortza
  • Doinua: Hemen zizurkildar bat
Gure barruko tristurari.
1.
Zer ote zen tristura
ez nekienean
iseka egin nizun,
goibel zeundenean.
Nigandik urruntzen joan
zinen azkenean
huts hori igarri dut
gaur aldamenean
mina sentitu arte
barren-barrenean.

2.
Hau da, beraz, tristura,
barreneko mina
laguna, zu irainduz,
neuri eragina.
Barkatuko bazenit
burlaizez egina
hau konponduta, berriz
bi lagun bagina
berdin du, baina ez naiz
izango berdina.

3.
Ongi etorri tristura,
negar eta malko
zuri min ematean
mindu naizelako
eta eroriz egin
dudalako salto
ni zu lako bihurtuz,
eta zu ni lako
bioi buruz gehiago
jakin dudalako.

4.
Mila esker tristura,
huts, min eta zauri
eta hari hainbeste,
mila esker zuri.
Barkamen eske joan
natzaizu urduri
barruko indar batek
agindu dit “mugi!”
irribarrez eskertu
dizkizut musu bi.

5.
Agur, orain, tristura,
joan dadila lasai
berez desager zedin
ez naiz geratu zai
etsia ez bainuen
hartu gura etsai.
Neurez naiz zailtasunei
aurre egiteko gai
eta ez dut tristuran
kateatzerik nahi.

6.
Hurren arte, tristura,
nahikoa dut jada
urrunxeago edo
bertatik bertara
lehenago, geroago...
ikusiko gara
eta berriz esango
dut gaurko erara
bizitzea gogorra
eta ederra da.