Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Jon Lopategi hil da

2019-02-11


Euskal Herriko Txapela lortu zuen, eta Bizkaiko bertsolari gazteen maisu izan da. Gaur bertsolari ezagun diren askok, umetan Lopategirekin ikasi zuten. Ikastolen Elkartean egin zuen bertso irakasle lana bide urratzailea izan da. *Argazkia: Bertsolari aldizkaria.

 

FRANKISMO GARAIAN ABESTERA AUSARTU ZENA

1958an (24 urterekin) hasi zen bertsotan Lopategi, plazarik plaza, gehienetan Jon Azpillaga bertsolaria lagun zuela. Frankismo garaia zen: diktadura garai gogorra, zentsura urteak. Bertsotan, jendaurrean, ezin zen mezu askorik eman.

Lopategi eta Azpillaga garai ilun hartan bertsolaritzara gai sozialak ekartzen aitzindariak izan ziren. 

*Iturria: Bertsolari aldizkaria. 

 

 

EUSKAL HERRIKO TXAPELDUN

Lopategi Bizkaiko txapeldun izan zen lau aldiz: 1962, 1964, 1966 eta 1987 urteetan.

1989an Euskal Herriko txapela ere irabazi zuen.

Hara hemen txapel nagusia jantzi zuen unean, garaipena eskeintzeko hiru bertsorekin egindako agurra.

 

Arropa zahar hoiekin...

1989ko Txapelketa Nagusi hartan, bakarka gai hau jarri zioten:

"Zahartutako zure arropak zaborretara bota dituzu. Eta hara non ikusten duzun beste gizon bat, zuk botatako arropak jasotzen".

Bertso gogoangarriak bota zituen, 9 puntukoan: nola josi gainera, puntu motzak!

Kupela taldeak, trikiti pieza polita sortu zuen Lopategiren hiru bertso horiekin, "Gailurrak ikutuz" diskan (Elkar). Anjel Larrañagaren ahotsean, entzungai hemen.

 

BERTSOLARIEN MAISU

50 urte beteta zituela, 1984tik aurrera, bertsolaritza irakasle lanean aritu zen. Ikastolen Elkartearekin, Bizkaian haur eta gazteei bertsolaritza irakatsi eta harrobia sortzeko lan eskerga egin zuen. Gaztetxoekin egonaldiak antolatzen ere hasi zen.

90eko hamarkadan goi mailara iritsi diren bertsolari bizkaitar asko Lopategiren eskutik heldu dira: Aritz Lopategi (semea), Unai Iturriaga, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Xabier Paya... Jon Lopategirekin ibiliak dira.